Delituaren prebentzio osorako gida bat argitaratu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/13

César San Juan eta Laura Vozmediano. Artxibo argazkia: UPV/EHU

César San Juan eta Laura Vozmediano doktoreek, Euskal Herriko Unibertsitatearen Psikologia Fakultateko irakasle eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikertzaile direnek, 'Guía de prevención del delito. Seguridad, diseño urbano, participación ciudadana y acción policial' obra argitaratu dute (2021, J.M. Bosch Editor). Obra “diagnostiko eta esku hartze ekintzen eta estrategien” bilduma egituratu eta xehe bat da, “hiri segurtasunaren arloko askotariko profesionalei zuzenduta dagoena, polizia eta kriminologoetatik hasita, tokiko segurtasunaren arloko erantzukizunak dituzten teknikariengana”. Bi ikertzaile hauentzat hiri segurtasuna “ez da bakarrik ulertu behar delituen murrizketa edo gabezia gisa; haatik, osorik ulertu behar da, herritarren bizi kalitatea etengabe hobetzeko prozesu gisa. Prozesu horretan, gizartearen parte hartzea eta polizia ekintzarako eredu berriak garatzea ezinbesteko bi elementu gisa ageri dira, delituak prebenitzeko neurriak benetan arrakastatsuak izan daitezen”.

XXI. mendean, kultura askotako gizarte konplexuetako bizikidetza garrantzi handiko erronka batean bilakatu da, UPV/EHUren irakasle hauen iritziz. Eta, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da segurtasun eta askatasun giro egokia edukitzea, eta, horrez gain, ahal den neurrian, bizikidetza hondatzen laguntzen duen gertaera nagusietako bat murriztu behar da: beldurra.

Liburuaren hitzaurrean, Marcus Felson Texas State Universityko irakasle ohiak aipatzen duenez, delitu mailaren igoeran edo jaitsieran eragiten duen faktoreetako bat auzoen diseinua eta mantenimendua da. “Ohikoegia da gizarte garaikideetan auzoak diseinatzea bultzatu nahi diren gizarte dinamiken gaineko itxaropen argiak eduki gabe eta zerbitzu publiko gutxi jarrita, eta horrek, epe luzera, delitua erakartzen du auzoetara”. Hori dela eta, oso garrantzitsua da hiri diseinua eta plangintza hasiera-hasieratik kontuan hartzea, baita haren mantenimendua ere, hiri segurtasuna bermatzeko. Bestela, segurtasun arazoak azkenean poliziaren eta segurtasun pribatuaren esku geratzen dira bakarrik “dagokion administrazioak inolako erantzukizunik bereganatu gabe, auzo seguruagoak egiteari dagokionez”.

Horren harira, Guía de prevención del delito lanean, egileek kontinuun bat trazatuko lukete polizia ereduen analisian, eta mutur batean kontrola oinarri duten ereduak leudeke, eta beste muturrean, berriz, pertsonengana hurbiltzea bilatzen duten ereduak. “Horrela, kontrola oinarri duten sistemetan, poliziaren funtzio nagusia ordena mantentzea eta delituaren aurrean erantzutea da. Beste muturrean, ordea, polizia herritarren beharrei erantzuten dien zerbitzu publiko gisa ulertzen da. Pertsonengana orientatutako polizia eredu batean, sor daitezkeen egoera ez-seguruak, azken batean, gizarte ordenako arazo global baten sintoma gisa ulertzen dira, eta ez poliziarekin izandako gatazka baten emaitza gisa. Zentzu horretan, komunitateak poliziaren legitimitatea eta solaskidetza onartzen du, gizarte arazo horiek lankidetzaz konpontzeko”.

Horrela, ezinbestekoa da askotariko eragileen eta agentzien inplikazioa segurtasuna mantentzeko zereginean. Eta, hori dela eta, obra honek segurtasunaren arloko hirien erronkak aztertzen ditu, delitu egoeren prebentzioaren eta ingurugiroaren diseinuaren bidezko delitu prebentzioaren ikuspegitik, bi egileek esperientzia zabala dute gainera arlo batean nahiz bestean.

Egileak

Psikologian doktoreak, César San Juan eta Laura Vozmediano ikertzaileak dira Kriminologiaren Euskal Institutuan, eta irakasleak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Psikologia Fakultatean. Unibertsitate horretan kriminologia zientziei lotutako hainbat irakasgai ematen dituzte, hala nola Krimen Arloko Psikologia, Psikologia Juridikoa, Ingurumen Kriminologia eta Portaera Antisozial eta Deliktiboen Prebentzioa. Euskal unibertsitate sisteman kategoria gorena jaso duten ikertaldeetako baten partaideak dira biak, eta César San Juan irakaslearen gidaritzan, ikertalde horrek segurtasunari buruzko aholkularitza lan ugari egin ditu tokiko erakundeentzat, eta ekoizpen zientifiko oparoa izan du aldizkarietan, liburu kapituluetan eta monografietan. Bestalde, hainbat postu bete dizute Kriminologia Ikerketen Espainiako Elkartearen zuzendaritza batzordean, eta César San Juan irakaslea Nazioarteko Kriminologia Elkarteko kide ere izan da. Gaur egun, International e-Journal of Criminal Science argitalpenaren zuzendaritza taldeko kideak dira.